Biografia

Preboda-sesion-pareja-Gipuzkoa

CVa ikusi

Sei urte nituela, arratsalde arrunt batean hasi zen guztia. Telebista ikusten nengoela, erabat asperturik helduek aukeratutako programazioagatik, primeran pasatzen ari zen pertsona talde bat ikusi nuen. Pertsona talde hura, berriz, beraiek bezain ongi pasatzen ari zen beste pertsona talde bati begira zegoen. Txundituta gelditu nintzen haiei begira, eta bukatu egin zenean amari esan nion: ama, nik hori egin nahi dut. Denborarekin “hori” antzerkia zela jakin nuen. Beraz, buru belarri ekin nion.
Nire formakuntza Kontadores kultur etxeak antolatutako antzerki ikastaroekin hasi zen (Donostia, 1998/2000) eta gero Nafarroako antzerki eskolan ikasketak egin nituen (Iruñea 2000/2004). Ikasketak bukatzerakoan, Iruñean Caracois (2004/2006) antzerki taldea sortu genuen eta “A los hombres futuros” antzezlanarekin,“Encuentros” lehiaketan, ikuskizun onenari saria irabazi ere (Iruñea, 2005). Ume eta helduentzat anzterki klaseak ere ematen hasi nintzen (2004/2005). Urte baten buruan, motxila berriz hartu eta, Oihulari antzerki taldearekin lanean hasi nintzen. Hiru urte zoragarri, Euskal Herriko geografia sudur gorriz jantzita eta kontu kontari igaro eta gero, bidai luze bat egiteko gararaia iritsi zela konturatu nintzen. Eta oso kaskagorra naizenez, arnas batean, Berlinen nengoen. Han ez nuen antzerkirik egin baina istorioak kontatzen jarraitu nuen. Hori bai, oraingo honetan gidari turistiko moduan Alemaniako historia txundigarria kontatuz (Cultour Berlin 2008/2009). Berlingo hiriak liluratu ninduen arren , ideiak izoztu zitzaizkidan, beraz, mediterraneoko eguzkiarekin berotzea erabaki nuen ea artea itzultzen ote zen. Eta itzuli egin zen, oraingo honetan eskola moduan (Escuela Internacional Berty Tovias, Bartzelona 2009/2010). Baina etxera itzultzeko gogoa ere bueltatu zen, beraz, handik urte betera, Euskal Herrira itzuli nintzen. Oihulari klownekin jarri nintzen berriz lanean eta baita Panta Rhei txotxongilo taldearekin ere (Gasteiz, 2010/2014). Gaur egun antzezle, ipuin kontalari eta antzerki begirale bezala lanean nabil.

Anuncios